‘Hondarrak’ dokumentala emango dute maiatzaren 8an Saregilen

Orioko zaintza-sistemaren eraldaketaren baitan, Hondarrak film laburra proiektatuko da ostegun honetan Saregilen. Zaintzaren inguruko hausnarketa egiten du AlBorde Films ekoiztetxearen 2022ko lanak, eta proiekzioaren ondoren, solasaldia izango da lanaren egileekin eta filmean parte hartu duten saregileekin.

Marta Gomezek eta Paula Iglesiasek idatzi eta zuzendutako 15 minutuko film honek zaintza-lanei buruzko gogoeta sakona proposatzen du, bi emakumeren testigantzen bidez. Gladysek, barnetegiaren eta lan egiten duen etxearen artean ematen du bizia. Ima, aldiz, betiko zain dago itsasoaren aurrean, beste ontzi batek bere sareak hautsi arte. Biek dituzte aintzatetsi gabeko lanak, eta horien ardurek irentsita, apenas dute denborarik beren burua zaintzeko.

2022ko azaroan izan zuen nazioarteko premiere emanaldia, 33. New Orleans Film Festivalen, Louisianan (AEB). Ondoren, ZINEBIren 64. edizioan izan zen, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian. Ordutik, hainbat jaialditan izan da ikusgai, eta film labur onenaren Goya saria eskuratzeko hautagai izan zen 2024an (lehen aukeraketan).

Emanaldia, Saregilen

Filma doan emango dute ostegun honetan, maiatzak 8, 18:00etan Saregilen.