Herriko gaztetxo guztiei kirol egiteko aukera emateko eta kirol-materiala eskuragarriago egiteko, Ireki Begik elkarteak kiroleko arropa biltzeko deialdia egin du.
6 eta 16 urte arteko haur eta gazteentzako arropa jasotzen ari dira: ekainaren 19ra arte herriko bi ikastetxeetan egingo dute bilketa. Hilaren 19an, azkenik, herri osoari zabaldutako bilketa egingo dute Mendibeltz futbol-zelaiaren kanpoan, 16:00etatik 19:00etara.
Kirol hauetan aritzeko arropa jasotzen ari dira: judo, arrauna, pelota, futbola, eskubaloia, saskibaloia, surfa, igeriketa, eskola-kirola, atletismoa… Dantzarako arropa ere bilduko dute. Egoera onean dagoen arropa bakarrik jasotzen dute, eta helburua da janzki horiei bigarren bizitza bat ematea.
Informazio gehiago behar izanez gero, hau da elkartearen posta elektronikoa: irekibegik@gmail.com.