Ekainaren 14an, larunbatarekin, hasiko da aurten hondartza-denboraldia, eta Udalak dena prest du horretarako. Hauek dira xehetasunak:
Sorospen-zerbitzua
Hondartzako sorospen zerbitzua ekainaren 14ean, larunbatean, hasiko da, eta irailaren 14ra bitartean egunero-egunero zainduko du hondartza, 11:00-20:00 ordutegian. Hain zuzen, Udalak urtebeteko kontratua sinatu du aurten sorospen-zerbitzua eskainiko duen enpresarekin; izan ere, Aldundiarekin sinatu berri duen hitzarmenaren bidez, aurrerantzean, kontratazioak bertatik bideratuko dira.
Kabinak
Antillako kabinek ere sorospen zerbitzuaren egutegia izango dute; ekainaren 14etik irailaren 14era egunero. 11:00etatik 20:00etarako ordutegia izango dute, eta komunak eta dutxa hotzak doakoak izango dira. Aulkiak, surf-taulak eta eguzkitako aterkiak takiletan uzteko aukera ere izango da, eta prezioak hauek izango dira:
- Aulkiak, paipoak eta eguzkitako aterkiak: Eguna, 1 euro; astea, 3 euro; hilabetea, 8 euro; eta denboraldi osoa, 25 euro.
- Etzaulkiak eta surf-taulak: Eguna, 2 euro; astea, 7,5 euro; hilabetea, 15 euro; eta denboraldia, 40 euro.
Txu-txu zerbitzua
Herrigunea eta hondartza lotzeko txu-txu zerbitzua martxan jarriko du Udalak, uztailaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean. Kanpo enpresa bati adjudikatu zaio zerbitzua, eta hark jarriko du txu-txu trena eta kontratatuko ditu gidariak. Iazko ibilbide eta ordutegi berbera izango da: 11:30-14:00 eta 16:00-20:30era bitartean. Ikastola pareko plazatik hasi eta hondartzan egingo du itzulera, Bikamiotan geldialdi bat eginda.
Dagoeneko uda osorako bonuak salgai daude turismo-bulegoan, 10 euroan. Zerbitzua hasten den egunetik aurrera, uztailaren 1ean bertan, bonuak 20 euro balioko ditu. Horrez gainera, joaneko txartelak trenean bertan eta turismo-bulegoan eta kanpinean erosi ahalko dira. Txartel horrek euro bat balioko du, eta bidaia bat egiteko eskubidea emango du: hondartzatik herrira edo herritik hondartzara. Horrez gainera, 15 joaneko bonuak ere egongo dira salgai, 10 euroan. 3 urtez azpiko haurrek doan bidaiatu ahalko dute.
Bizikletak
Herrigunetik hondartzara joateko bidegorria osatuta dago, eta herrian mugitzeko modu egokia da. Bizikletak aparkatzeko beste ehun plaza gehiago jarriko ditu Udalak hondartzan.
Horrenbestez, Udalak dei egiten die herritarrei uda honetan bizikletaz ala txu-txuan egin ditzaten hondartzako joan-etorriak. Kutsadura ez ezik, trafikoari eta aparkalekuei lotutako gorabeherak ere murrizten lagunduko dute horrela