Udalak herriko bizikleten erregistroa jarri du martxan


Herriko bizikleten kontrola errazteko eta horien segurtasuna bermatzeko, Udalak bizikleten erregistroa jarri du martxan. Bizikleta erregistratu nahi duten herritarrek bi baldintza bete beharko dituzte: 18 urte baino gehiago izatea eta Orion erroldatuta egotea. Biak betetzen dituzten oriotarrek beren bizikleta erregistratu dezakete gaurtik aurrera online edo udaletxean.

Orioko Udalak eskuorri bat prestatu du bizikleten erregistroari buruzko informazioa emateko. Eskuorri horiek eskuragarri daude udaletxeko leihatilan, kultur etxean eta udaltzainen bulegoan.

Aurkeztu beharrekoa

Bizikleta bat erregistratzeko, ezinbestekoa da bi agiri hauek aurkeztea:

  • Eskabide-orria, behar bezala beteta, datu hauekin: bastidore-zenbakia, modeloa, marka, kolorea, bizikleta-mota… Datu guztiak ez dira nahitaezkoak, baina lapurreta kasuan, bizikleta identifikatzen laguntzen dute.
  • Bizikletaren argazkia.

Eta, edukiz gero, komeni da bizikletaren erosketa egiaztatzen duen faktura eta erantzun zibileko asegurua aurkeztea.

Nola egin erregistroa

Bizikleta erregistratzeko bi aukera daude: online edo udaletxeko leihatilan. Online egin nahi dutenentzat, orrialde honetan dago jarraitu beharreko prozeduraren informazioa.

Aurrez aurre egin nahi dutenek, ordea, udaletxeko leihatilara joan beharko dute eta eskuorria bete. Komeni da, ahal dela, argazkiak eta gainerako agiriak inprimatuta eramatea. Erregistroa egin ondoren, mementoan bertan jasoko dute ziurtagiria eta bizikletan jarri beharreko pegatina.

Bi kasuetan, bizikletaren erregistroa erabat doakoa da, eta Udalak dei egiten die herritarrei beren bizikletak erregistratzeko.

Informazio guztia, hemen.