Kiliki, Oilar Beltzak, DJ Lamia Mari eta beste artista askoren emanaldiak izango dira festetan

Ostiral honetan banatuko da etxez etxe sanpedrotako festa-programa eta, aurrerapen modura, girotzen joateko, festetako kontzertuen berri eman du Udalak. Ohi bezala, sanpedrotako festa-batzordearen bileretan adostu dira oholtzara igoko diren artisten izenak, eta gustu desberdinak asebeteko dituen kartela osatzeko ahalegina egin da.

Txupinazoaren egunean, ekainaren 27an, ostirala, etxafuegoa lehertu eta gutxira, Oilar Beltzak taldearekin hasiko dira festak. Euskaraz abestutako rantxera eta bestelako abestiekin dantzan jarriko dituzte herritarrak. Gauean, berriz, Eztanda erromeriaren txanda izango da.

Larunbatean, Arrantzale eta Harrotasunaren Egunean, Orion ezaguna den taldea baten erromeriaz gozatzeko aukera izango da arratsaldean: Bide Batez. Gauean, berriz, lau artista igoko dira oholtzara: Kiliki, DJ Lamia Mari, Ofensa eta Siwanaba. Gau horretako kartel-burua Kiliki izango da, Chill Mafia taldearekin ezagun egin den musikaria. Chill Mafia taldea aurten desegin da, eta musikari nafarrak oraintxe abiatu du bere proiektu berria. Musika urbanoaren eszenan euskal erreferente nagusienetakoa da Kiliki, eta Herriko Plaza astinduko du bere musika eta letra ziztagarriekin.

Igandean, Alarma Morea bikoak irekiko du gaua, runba, flamenkoa eta antzeko doinu dantzagarriekin. Ondoren, DJ La Fulana eta DJ Troti igoko dira oholtzara.

Azkenik, Old Glasses taldearen kontzertua izango da astelehen arratsaldean. Taldeak bertsio ezagunak joko ditu, adin guztietako lagunen gozamenerako.

Gauetako kontzertuek ordutegi hau izango dute: 23:00 – 02:00, salbuespen honekin: larunbatetik igandera bitarteko festa 05:00arte luzatuko da.