San Pedro festen programa banatu du gaur Udalak etxez etxe

Ekainaren 27tik 30era ospatuko ditugu aurten San Pedro festak, eta gaur banatu da etxez etxe festa programa jasotzen duen eskuorria.  

Aurten ere, Orioko Udalak festa-batzordearekin elkarlanean osatu du egitaraua lau bileretan, eta saiakera egin da adin guztietako herritarrei zuzendutako ekitaldiak antolatzeko. Horrez gain, festak egun bat aurreratzea izan da batzordeak hartutako erabaki nagusietako bat, txupinazoa ostiralean bota eta asteburua hobeto aprobetxatzeko. Hala, ostiraletik astelehenera bitartean ospatuko dira sanpedroak.

Udalak eskerrak eman nahi dizkie festa-batzordearen bileretan parte hartu duten herritarrei eta festetako ekitaldiak antolatuko dituzten eragileei. 

Betiko jarduerak eta berritasunak

Ohiko ekitaldiek lekua izango dute sanpedroetako egitarauan; esate baterako, jubilatuen hamaiketakoak, 3×3 futbol txapelketak, haur eta gazteen pilota-partidek edota heriotzarik gabeko arrantza txapelketak. Horiez gain, iazko arrakasta ikusita, bizikleta-igoera errepikatzea erabaki dute antolatzaileek. 

Bestalde, Pello, Nikolasa eta buruhandien kalejirak ere ez dira faltako umeen gozamenerako, trikitilarien eta txistularien laguntzarekin. 

Berritasunei dagokienez, badira pare bat: herri-kirol parte hartzaileak antolatu dira San Pedro Eguneko eguerdi partea girotzeko, eta I.San Pedro Erronka. Bigarren hau 10-14 urte bitarteko haur eta gaztetxoentzat pentsatu da, astelehenerako, eta lagunarteko jolasekin ondo pasatzeaz gain, elkarrekin bazkaltzeko aukera izango dute parte hartzaileek. 

Arrantzale eta Harro

Ekainaren 28a Arrantzale eta Harrotasunaren Eguna izango da, bi ospakizunak egun berean egingo dira. Eskuorri honekin batera txapa bat banatu du Udalak, Arrantzale eta Harro leloarekin. Izan ere, Udalaren ikuspegitik, arrantzari eta itsas-kulturari lotutako herria da Orio, eta genero eta sentsibilitate guztientzat irekia izan nahi duena bai. 

Horren jakitun, azken urteotan Udalak lan handia egin du bi alor horietan: batetik, herriko itsas ondarea zaintzen, dokumentatzen eta zabaltzen; bestetik, berdintasun politika sendoak garatu ditu, Orio feminista eta berdinzaleago bat egiteko helburuarekin. 

Horregatik guztiagatik sortu da Arrantzale eta Harro leloa duen txapa, herriaren aniztasuna balioan jarri eta ospatzeko. Hala, Udalak dei egiten die herritarrei ekainaren 28an kalera txapa jantzita atera daitezen.  

Kiliki, Oilar Beltzak eta beste hainbat gaueko emanaldietan

Udalak asteartean plazaratu zuen festetako kontzertuen inguruko oharra, eta hemen klik eginda irakur daiteke. 

Ekainak 26: prezio berezia barraketan

Barrakek 1,5 euroko prezioa izango dute egun osoan, AFADE eta Orioko Udalaren arteko hitzarmenari esker.

Zaratarik gabeko uneak

Egunero zaratarik gabeko bi ordu izango dira barraketan, bereziki, heziketa-premia zehatzak dituzten haurren inklusioa errazteko: 11:30etik 12:30era eta 17:00etatik 18:00etara.

Puntu Morea

Orioko Udalak ez du onartzen inolako eraso sexista, homofobo, transfobo eta arrazistarik. Ekainaren 27, 28 eta 29an Puntu Morea jarriko da turismo-bulegoaren parean, 23:00etatik 02:00etara, herritarrei informazioa emateko.

PROGRAMA

Ekainak 27, ostirala, Txupinazo eguna

  • 10:30 Jubilatuen hamaiketakoa, Zaharren Babeslekuan.
  • 15:00 3×3 Futbol-txapelketa (16 urtera arte), Mendibeltz futbol-zelaian.
  • 18:30 Erraldoien eta buruhandien kalejira Danbolin Musika eta Dantza Eskolako txistulariekin, kalez kale.
  • 19:00 Matraka elektrotxaranga, Endaia Plazatik Herriko Plazara.
  • 20:00 Txupinazoa, eta jarraian, txosnen irekiera, Herriko Plazan.
  • 20:15 Kontzertua: Oilar beltzak, Herriko Plazan.
  • 23:00 – 02:00 Gaueko emanaldiak: Eztanda erromeria eta DJ Track-a, Herriko Plazan.

Ekainak 28, larunbata, Arrantzale eta Harrotasunaren eguna

  • 11:00 Dantzari, kantari, musikari eta erraldoien kalejira, kalez kale.
  • 12:00 Sardin-jana egongo da bi gunetan: Oteizaren Pietate azpian eta Endaia Plazan.
  • 13:30 Ikuskizuna eta omenaldia saregileei eta arrantzaleei, Herriko Plazan.
  • 14:30 Herri-bazkaria, Herriko Plazan.
  • 17:00 Kontzertua: Bide batez erromeria, Herriko Plazan.
  • 17:30 Heriotzarik gabeko arrantza-txapelketa (8-13 urte), moilan, anbulatorioaren parean.
  • 23:00-05:00 Gaueko emanaldiak: Kiliki, DJ LaMia Mari, Ofensa eta Siwanaba, Herriko Plazan.

Ekainak 29, igandea, San Pedro eguna

  • 06:00 Gaupaseroen argazkia, Oa kaleko eskaileretan.
  • 10:00 Orioko txaranga, kalez kale.
  • 11:00 Bizikleta-igoera: haurrak Herriko Plazatik Pillikura, eta helduak Herriko Plazatik San Martin ermitara.
  • 12:30 Meza Nagusia, Salatxo abesbatzak kantatuta.
  • 13:00 Herri-kirol parte-hartzaileak eta pintxoak, Herriko Plazan.
  • 17:00 Haur eta gazteen pilota-partidak, frontoian.
  • 18:00 Erraldoi eta buruhandien kalejira Danbolin Musika eta Dantza Eskolako trikitilariekin, kalez kale.
  • 18:00 Soka-dantza, eta jarraian, Danbolin Musika eta Dantza Eskolako bandaren emanaldia, Herriko Plazan.
  • 23:00 – 02:00 Gaueko emanaldiak: Alarma Morea, DJ La Fulana eta DJ Troti, Herriko Plazan.

Ekainak 30, astelehena, San Pedro bigarrena

  • 10:00 Bizijolas haurrentzako jolasak (2-10 urte), Muntoko berdegunean.
  • 10:30 I. San Pedro Erronka. Talde jolasak eta bazkaria (10-14 urte), Herrian barrena.
  • 14:00 70 urtetik gorako oriotarren bazkaria, Villa Antilla hotelean.
  • 19:00 Kontzertua: Old Glasses, Herriko Plazan.

Antolatzaileak

Orioko Udalarekin elkarlanean, festen antolaketan parte hartu duten eragileak: San Pedro jai-batzordea, Zaragueta Herri Eskola, Orioko Herri Ikastola, Orioko Erraldoiak, Danbolin Musika eta Dantza Eskola, Pakak, Saregile Orioko Emakumeon* Etxea, Txosna batzordea, Arrantzale Egunaren talde-eragilea, Orioko elkarte gastronomikoak, Muskuilu-Harri elkartea, Gazteon Ahotsa, Orioko Txaranga, Aldapa txirrindulari taldea, Salatxo abesbatza, Orioko Parrokia, AEK, OSPELE pilota-elkartea, Harribil dantza-taldea, Txurrumuski aisialdi-taldea, Zaharren Babeslekua, Etxeluze Gaztetxea eta Orioko Kofradia.