Zortzigarren urtez jarraian, Gure Zirkuak Orion igaroko du abuztua. Abuztuaren 1ean hasi eta 22ra arte, 13 emanaldi eskainiko dituzte guztira, ostiraletik igandera. Sarrerak eskuragai daude Gure Zirkuaren webgunean.
Pasa den larunbatean amaitu zituzten Lekeitioko emanaldiak, eta egunotan, Oriora iritsi dira Iker Galartzak eta Joseba Usabiagak gidatutako lantaldea. Orion ere lau asteko egonaldia egingo dute, eta ostiraletik igandera, euskal zirkuaz gozatzeko aukera izango da Mendibeltze futbol-zelaiaren ondoko belardian.
Ostiral eta larunbatetako emanaldiak 19:00etan izango dira, eta igandeetan bi saio eskainiko dituzte, bata 12:00etan eta bestea 19:00etan. Hemen kontsultatu daitezke datak eta ordutegiak.
Zirkua, eszenatoki
Aurten, gainera, Orioko Udalaren udako programazioko bi jarduera egingo dira zirkuaren karpa barruan. Lehena Jon Plazaolaren bakarrizketa izango da, abuztuaen 6an, 20:00etan. Sarrerak salgai daude jada turismo-bulegoan. Bigarrena, aldiz, hilaren 20an izango da, 21:00etan, eta haurrentzako ‘Azerik eta erbik basoa salbatzen dute’ filma emango dute. Gonbitak laster izango dira eskuragarri, eta Udalak horren berri emango du bere sareetan.
