Moila sendotzeko lanen bigarren fasea abuztuan abiatuko da

Orioko arrantza-kaia sendotzeko eta egokitzeko lanak abiatu zituen Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak apirilean, oinezkoentzako pasabidetik Kofradiarainoko tartean, eta lanak erritmo onean doaz. Abuztuko lehen egunetan zulaketak egingo dituzte, eta ondorioz, trafikoan aldaketak izango dira.

Esku-hartzearen helburua da kaiaren egonkortasuna hobetzea, azpiegitura itsas mailaren igoerara egokitzea eta portu-eremuaren funtzionaltasuna handitzea. Orain arte mikropiloteak jartzen aritu dira, eta lanak aurreikusitakoa baino azkarrago burutu dituzte.

Hurrengo urratsa zulaketa-lanak egitea izango da, eta horretarako beharrezkoa den makina uztailaren 27an iritsiko da obra-eremura. Herrigunera sartzeko, udaltzainek lagunduko dute kamioia. Ondoren, hilaren amaierara arte, prestaketa-lanak egingo dituzte moilan, eta abuztuaren 3tik 7ra, zulaketa lanik mardulenak.

Eragina herrigunean

Lanen eraginez, abuztuaren 3an, astelehenarekin, Arostegi pareko errepidea itxita egongo da 08:00etatik 13:00etara, eta tarte horretan, herriko sarrera-irteerak Txanka hondartzako bidetik egin beharko dira.

Gainera, zulaketa-lanek ohiko jarduerak baino eragin handiagoa izan dezakete inguruan: zarata, hautsa… Baina bigarren fasea amaitutakoan, lanik zailenak bukatuta geratuko dira.