Musikak narriadura kognitiboa gelditzeko duen gaitasuna agerian utzi du Xabier Lizaso oriotarrak gidatutako ikerketak

Musikari oriotarrak zuzendutako ikerketa zientifikoaren emaitzak ezagutarazi zituzten asteartean, abenduak 14, Orion egindako aurkezpenean. Bertan izan ziren, Lizasorekin batera, Jose Manuel Lopez Bragado adin txikikoen eta nerabeen buru osasunaren Osakidetzako arduraduna, Jose Antonio de la Rica Euskadiko Zuzendari Soziosanitarioa eta Anuska Esnal Orioko alkatea.

Musika edo dantza bezalako arte-adierazpideak lantzen dituzten pertsonen buru-osasuna eta bizi-kalitatea «nabarmen» hobetzen direla frogatu du Do, re, ni proiektuaren buru Xabier Lizasok zuzendutako ikerketak. Urola Kostako eta Donostialdeko adineko pertsonekin egin zuten azterketa 2020ko irailean, eta parte-hartzaileen batez besteko adina 70 urtekoa izan zen.

Ikerketaren prozedura

Proiektuaren helburu nagusia hau da: musikak pertsonen bizitza hobetzen laguntzen ote duen ikertzea. Ikerketa bost hilabetez luzatzea zen asmoa, baina, egoerak baldintzatuta, 2020ko irailera mugatu zuten probaldia. Adinari eta formakuntza akademikori lotutako talde homologoak sortu zituzten, eta haietako bat musika-terapia esperientzian parte hartzera gonbidatu zuten; bestea, aldiz, itxarote-zerrendan geratu zen.

Parte-hartzaileen buru-osasuna, bizi-kalitatea eta antsietateari eta depresioari lotutako ezaugarriak neurtu zituzten esperientziaren aurretik eta ondoren. Eta, garapena neurtu ahal izateko denbora gehiago behar den arren, hobekuntzak ikusi zituzten egoera zaurgarrian zeudenen artean. «Esperientzia oso baliotsua izan da», nabarmendu dute arduradunek.

Mintegia

Abenduaren 18an, larunbatarekin, gaia lantzeko mintegia egingo dute Arraunetxen, 11:00etan hasita. Adineko herritarren buru-osasuna eta bizi-kalitatea izango dituzte aztergai, besteak beste. Jose Felix Martí Massó neurologoak, Javier Yanguas gerontologoak, musikaren neurozientzian aditua den Miriam Albusac Jorge Granadako Unibertsitateko ikertzaileak, Xabier Lizaso musika-didaktikan adituak eta Jose Manuel Lopez Bragado psikiatrak hartuko dute parte saioan.