30 postu izango dira igandean urteroko Artisau eta Sortzaile Azokan

Maiatzaren 10an, igandearekin, izango da Artisau eta Sortzaile Azoka herrian. 10:00etatik 19:00etara, Herriko Plazan eta Aritzaga kalean jarriko dira postuak, 30 guztira. Hain zuzen, izena eman duten eta baldintzak betetzen dituzten sortzaileen artean zozketa egin behar izan du Udalak aurten.

Gipuzkoarrak izango dira 22 artisau, bizkaitarrak 4 eta nafarrak 4. Jantziak eta osagarriak eta bitxigintza lantzen dituzte gehienek, baina egur-tailla, taloak, ogia eta gozoak, gazta eta eztia, loregintza, eta xaboi eta ukenduak ere izango dira salgai.

Herriko artisauek ere haien txokoa izango dute plazan: jantziak eta osagarriak lantzen dituzten Ostargi elkartea, Aiora Arrozpide eta Goiuri Unanuek postu bana jarriko dute azokan; Naiara Larrañagak ilustrazioak, zapiak eta kordelekin egindako giltzatakoak izango ditu salgai; Antxon Mendizabalek egur-taila postua izango du; eta Herri Ikastolako ikasleak klasean landutako eskulanak ere izango dituzte eskuragai.