Udalak bat egin du Orioko Mugimendu Feministak erasoak salatzeko deitutako elkarretaratzearekin

 

Azken hiletan hainbatetan egin dira elkarretaratzeak Orion, izandako gertakari larrien aurrean erantzuteko: sanikolasetan izandako erasoa, LGTBIQ+ kolektiboaren kontra egindakoak eta, orain, Saregile Orioko Emakumeon* Etxearen aurka izandakoa. Hain zuzen, ekainaren 13ko gauean leiho bat puskatu zuten, eta ez da herritarrentzako udal-baliabide honek jasaten duen lehen erasoa. Horregatik, herriko mugimendu feministak elkarretaratzea deitu du egoera salatzeko eta nahikoa dela esateko.

Udala oso kezkatuta dago egoera hartzen ari den norabidearekin eta, horregatik, bat egingo du elkarretaratzearekin: ekainak 20, ostiralarekin, 20:00etan Herriko Plazan.

Udalak sendo gaitzetsi nahi ditu mugimendu feministaren eta LGTBIQ+ kolektiboaren kontrako erasoak. Horrelako jarrerek ez dute lekurik gure herrian, eta herri gisa, irmo erantzungo dugu erasoen aurrean. Horregatik, dei egiten die herritarrei gaur 20:00etan Herriko Plazan egingo den elkarretaratzearekin bat egin dezaten.