Saregile Orioko Emakumeon* Etxeak ikasturte amaierako festa egingo du ekainaren 11n, asteazkenarekin. Programan bi ekintza nagusi izango dira: inguruko sendabelarrak ezagutzeko ibilaldia, lehenik, eta musika saioa eta mokadu-jatea, ondoren.
Lehen hitzordua 17:00etan izango da. Aiora Urbietak lagunduta, inguruko sendabelarrak ezagutzeko ibilaldia egingo dute parte-hartzaileek. Saioaren helburua da Orio inguruan aurki daitezkeen landare sendagarriak identifikatzea eta haien erabilera ezberdinen inguruko informazioa eskaintzea, horrela, herriko ezagutzaren transmisioa lantzeko eta emakumeon osasunaren zein gorputzaren zainketan autonomia sustatzeko. Plaza guztiak beteta daude jada.
Ondoren, 18:30ean, ikasturteari amaiera emateko festa egingo da Saregilen, eta DJ Siwanabaren musikak girotuta, jan-edanaz eta giro ederraz gozatzeko aukera izango da.
Ikasturte amaierako festa berezia izango da, eta herritar guztiak daude gonbidatuta ospakizunean parte hartzera.
