UEMAk lan-saio bana egin du euskaltegian eta ikastolan, arnasguneetan euskarak bizi duen egoeraz aritzeko

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMAk) bi lan-saio egin ditu azken asteetan herrian: batetik, Euskara, mundu bat zugandik hurbil izenekoa eman du Orioko euskaltegian, behe mailako eta AISA taldeetan; eta, bestetik, Ispiluari begira izenekoa, Orioko Herri Ikastolan, LH2ko ikasleekin eta haien gurasoekin. Azken lan-saio hori Zaragueta Herri Eskolan ere egingo du UEMAk, oraindik zehaztu gabeko egun batean.

UEMAko teknikari Goizane Aranak dinamizatu zituen bi lan-saioak.

Mundu bat zugandik hurbil

Euskaltegiko bi taldetan saio bana eman zuen Goizane Aranak. Biak martxoaren 16an izan ziren eta hamar lagunek hartu zuten parte guztira. Ekimenaren helburu nagusia ikasleak sentsibilizatzea eta aktibatzea zen, eta horretarako, eduki hauek landu zituzten: euskararen galera eta berreskurapena, hizkuntza-aniztasuna eta hizkuntza-ekologia, Orioren ezaugarriak, udalerri euskaldunen garrantzia eta euskararekin egunerokoan dugun harremana.

Ispiluari begira

Orioko Herri Ikastolan Ispiluari begira dinamika egin zuen UEMAk, LH2ko 38 haurrekin eta 32 gurasorekin. Bi orduko saioa izan zen: lehen ordu eta erdian ikasleek bakarrik hartu zuten parte, eta azkeneko ordu erdian gurasoak batu zitzaizkien. Saioak hausnarketa eragitea zuen helburu, euskararen arnasguneek duten garrantziaz eta gurasoek hizkuntzaren garapenean duten eraginaz. Horrez gain, ume zein helduek beren hizkuntza-hautuez eta ohiturez pentsatzeko tarte bat izan zuten.

Haurrek koloretako txartelen bidez azaldu zuten ikastolan, etxean eta kalean zein hizkuntzatan aritzen diren, eta mural batean jarri zituzten erantzunak. Gurasoei, aldiz, hizkuntza-transmisioaz eta erreferenteen garrantziaz azalpen laburra eman zien dinamizatzaileak, eta euskararen alde zein urrats egiteko prest zeuden galdetu zien ondoren.

Haurrek adierazi zuten nagusiki euskara erabiltzen dutela, baina beste hizkuntza batzuk ere bai, neurri txikiagoan: gaztelania, errumaniera, galiziera, txinera, urduera, arabiera… Lan-saioan ondorioztatu zutenez, aniztasun handiko egoera horretan, erronka nagusia da belaunaldi berrien euskalduntasunari eustea, euskara oraindik ez dakitenak erakarriz.