Urola Kostako Udal Elkarteak Denontzako industriaguneak proiektua jarri du martxan, eskualdeko industriaguneen egoera aztertzeko eta hobekuntza-aukerak identifikatzeko. Egitasmoaren helburua da industrialdeetako sarbideak, segurtasuna, irisgarritasuna eta erabilera-baldintzak aztertzea, eta, erabiltzaileen iritziak jasota, behar errealetara egokitutako proposamenak lantzea.
Oriok ez du industriagune propiorik, baina Udal Elkarteak garrantzitsutzat jo du Orioko Udalaren eta herritarren ikuspegia jasotzea. Izan ere, Ubegun poligonoaren kokapenagatik, asko dira Oriotik bertaratzen diren langile, erabiltzaile, hornitzaile eta bizilagunak, eta haien eguneroko esperientziak informazio baliotsua eman dezake. Proiektuak, gainera, arreta berezia jarriko du aniztasunaren eta berdintasunaren alorretan.
Ekarpena egin nahi duten herritarrek apirilaren 30era arteko epea dute horretarako galdetegi honen bidez. Informazio gehiago behar izanez gero, Udal Elkartera jotzeko aukera dago:
- 943 890808
- enpresa@urolakosta.eus
