XX. mende hasierako Orio izango dute hizpide Balearen Egunari lotutako azken hitzaldian

Argazkia: Orio GUKA

Bihar arratsaldean, maiatzak 12, Sardinatan edo antxoatan ari ziren hitzaldia izango da Zimitorioan, Balearen Eguneko programaren barruan. Orioko Udalak antolatu du saioa, eta hizlariak Jon Agirresarobe Lopetegi eta Pedro Miguel Uranga Uranga izango dira.

Bi herritarrak, San Nikolas Arrantzale Kofradiarekin elkarlanean, ikerketetan eta datu-bilketan aritu dira azken hilabeteetan, eta hitzaldiak XX. mende hasierako Orio izango du hizpide; baxurako arrantzak indarra hartu zuen garaia, eta herriaren etorkizuna itsasoari lotuta berrantolatzen hasi zen unea.

Orduko idazle gehienak bat zetozen: Orion arrantzale-bizimodua egitea ezinezkoa izango zen barrako sarrera-irteera konpondu ezean. Baina 1901eko maiatzaren 14ko balearen etorrerak sardinetan harrapatu zituen Olaizola, Loidi, Atxega, Manterola eta Uranga arrantzaleak. Aspaldi ez bezala, ia 100 herritarrek aurkitu zuten tostartea herriko traineruetan eta lurrunontzietan; eta beste hainbeste emakume aritu ziren mallera, arrain-saltzaile, saregile eta salazoi-fabriketan lanean.

1901ekoa da azken balea, eta urte berekoa lehen Kontxako Bandera. Hamarkada berean sortu ziren Orion lehen baporeak, salazoi-fabrikak, San Nikolas kofradiaren berritzea eta Dendarikoa plazako kofradia, besteak beste. XX. mendearen lehen urte haietan ezarri ziren gerora ia 30 bapore izatera iritsiko zen herriaren oinarri nagusietako batzuk.