Udalak inkesta bat bideratuko du, jakiteko zer iritzi duten Orioko eta inguruko enpresaburuek Aizperroko industrialdeaz. Udaleko Ekintza ekonomikoetako eta Enpleguko batzorde informatzailea arduratuko da gai honetaz.
Jakina denez, Udalaren planeamendu urbanistiko berrian Aizperro inguruan industrialdea sortzeko proposamena onartu da eta, beharbada, aukera aproposa izan daiteke enpresa batzuentzat toki egoki eta ondo komunikatu batera mugitzeko; horri buruz informazioa jasotzeko, inkesta bat egingo du Udalak herriko eta inguruko enpresetan.
Enpresa horien jabeen iritziak jakiteko, Orioko eta Aiako enpresak bisitatuko dituzte Aztiker enpresako kideek, Udalaren izenean, eta gaiaren inguruko hainbat galdera egingo dizkiete.
Inkesta guztiz anonimoa izango da eta bertan emandako erantzunak aipatutako helburua betetzeko erabiliko dira soil-soilik. Jakina, inkestan parte hartzea borondatezkoa da.
Udalak adierazi nahi die enpresaburuei beren parte hartzea ezinbestekoa dela gai hau aurrera ateratzeko eta Udalaren asmoa dela beren eguneroko jardueran ahalik eta endredo gutxien eragitea.