Orioko Euskaraldiko Hamalaukoa aurkeztuko da larunbatean

Euskaraldiaren Euskal Herriko hamaikakoa aurkeztu zuten apirilaren 18an Bilbon; eta ekainaren 2an aurkeztuko da Orioko ‘Hamalaukoa’ Herriko Plazan.

Euskal Herriko hamaikakoa osatzen duten lagunek erabaki dute parte hartuko dutela EUSKARALDIA: 11 EGUN EUSKARAZ ekimenean; batzuek ahobizi gisa eta beste batzuek belarriprest gisa. Apirilaren 18an Bilbon egin zuten agerraldi publikoan jendea animatu zuten azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskal Herri osoan egingo den ekimenean parte hartzera.

Euskaraldiaren antolatzaileek irekita utzi dute tokian toki beste hamaikako batzuk sortzeko aukera, eta herri batzuetan dagoeneko hasita daude tokiko hamaikako horiek osatzen (Zarautzek, esaterako, apirilaren 22an aurkeztu zuen berea). Tokiko hamaikako horien funtzioa izango da inguru hurbileko jendea animatzea Euskaraldian parte hartzera eta eredu eta akuilu izatea herritarrentzat.

Orion, hamalau!

Orion Euskaraldia antolatzen ari den lantaldeak erabaki du ekimenaren aurpegia osatuko dutenen taldea ez izatea hamaika lagunekoa, baizik-eta hamalaukoa. Traineru bat osatzea, alegia, patroi eta guzti.

Orioko hamalaukoa herriko hamalau lagunek osatuko dute, Euskaraldian ahobizi edo belarriprest izatea erabaki dutenak. Beren erabaki hori publiko eginez, gainerako herritarrak animatuko dituzte parte hartzera eta, nolabait, ekimenaren enbaxadore eta bistako aurpegia izango dira Orion, Euskaraldiaren berri zabalduz oriotarren artean.

Hamalaukoaren kide bakoitzak, gainera, bere hamalauko propioa osatuko du ondoren. Hau da: bakoitzak beste hamalau pertsona konbentzituko ditu Euskaraldian parte hartzeko, ahobizi ala belarriprest gisa, nahiz eta bigarren zerrenda hori ez den publiko egingo.

Ekainaren 2an, aurkezpena

Arraun Elkarteak ekainaren hasieran urtero antolatzen duen Garagardo Azoka baliatuko du Orioko  Euskaraldiaren lantaldeak hamalaukoaren aurkezpen ekitaldia egiteko. Herriko Plazan izango da, ekainaren 2an, larunbatarekin, 13:30ean hasita, eta bertan jakinaraziko da nortzuk osatzen duten Orioko Euskaraldiaren hamalaukoa.

Prestakuntza-saioa

Orioko Euskaraldiaren lantaldeko lagunek, bestalde, prestakuntza-saioa egingo dute larunbat horretan bertan, ekainaren 2an, 09:00etatik 12:45era, hizkuntza-ohiturak aldatzeko prozesuei buruz. Prestakuntza-saioa Ahize-AEK-k bideratuko du eta horren kostuak Orioko Udalak hartu ditu bere gain.