Europako Inklusioaren eta Aniztasunaren Europako Hiriburuen Saria eskuratzeko finalista da Orio, bi kategoriatan

European Capitals of Inclusion and Diversity Award saria eskuratzeko finalisten artean dago Orio, bi kategoriatan: 50.000 biztanletik beherako toki-erakundeen kategorian eta Merkataritza Inklusiboaren sari berezian. Europako Batzordeak Udalari jakinarazi dionez, “aniztasunaren eta inklusioaren alde egindako ekarpen nabarmenengatik” kokatu da Orio finalisten artean.

Aurtengoa Europako Inklusioaren eta Aniztasunaren Europako Hiriguruen Sariaren bosgarren edizioa da. Europako Batzordeak sustatutako ekimena da, herri, hiri eta eskualdeek diskriminaziorik gabeko eta inklusiboagoak diren komunitateak eraikitzeko egiten duten lana aitortu, ikusgarri egin eta balioesteko. Sariak tokiko jardunbide egokiak nabarmentzen ditu, bereziki sexua, adina, desgaitasuna, LGTBIQ+ identitatea, erlijioa edo sinesmenak eta jatorri etnikoa edo arraza bezalako arloetan aniztasuna aberastasun eta berrikuntza gisa lantzen dutenak. 

2026ko edizioan bi kategoria nagusi daude: 50.000 biztanletik beherako toki-erakundeak, eta hortik gorakoak. Eta, horrez gain, lan-merkatu inklusiboa sustatzen duten udalerrien sari berezia.

Orio, finalean

Orioren hautagaitza hiru proiektu eta lan-ildo nagusitan oinarritu da: hainbat urtetako gogoetaren ondoren, iazko udazkenean martxan jarri zen Parrilla Festa; Udalak azaroan aurkeztu zuen Bizitza Askeak Plazer indarkeriaren aurkako estrategia partekatua; eta Saregile Orioko Emakumeon* Etxea, 2023tik martxan den azpiegitura komunitarioa. 

Izan ere, Parrilla Festaren helburua herriko tradizioa berrinterpretatzea eta jasangarri egitea da, parrillaren inguruko jakintza herritar guztiei zabaltzeko. Tokiko merkataritza eta parte-hartzea ardatz dituen festa da, ondarea partekatuz, komunitatea indartzen duena. Eta ezagutzaren transmisioa ikuspegi inklusibo batetik egiten du, eragile guztien elkarlana balioan jarriz, herriko sukaldea oriotar guztiei zabalduz.

Bizitza Askeak Plazer markoa, halaber, orotariko indarkerien aurrean harreman eredu berriak eraikitzeko eta askotariko bizitzak onartzen eta errespetatzen dituen gizartea bultzatzeko sortu zen. Herriko eragileekin eta herritarrekin elkarlanean, norabide berean lan egiteko deia da.

Eta berdintasun politikak garatzeko eta ikuspegi feminista eta emakumeen parte-hartze sozio-politikoa bultzatzeko azpiegitura da Saregile Orioko Emakumeen* Etxea. Zaintza, ahalduntzea eta saretzea oinarri dituen udal zerbitzua, aholkularitza juridikoa, babes emozionala eta ahalduntze-eskola uztartzen dituen espazioa.

Hiru ekimenek norabide bera jarraitzen dute: Orio herri bizi, ireki eta kohesionatu gisa sendotzea, tradizioa eta berrikuntza, zaintza eta parte-hartzea, ondarea eta etorkizuna uztartuz. Parrilla Festak herri nortasuna modu partekatuan eguneratzen du; Bizitza Askeak Plazer markoak askotariko bizitzak jartzen ditu erdigunean, indarkeriarik gabeko harreman-ereduak sustatuz; eta Saregilek berdintasuna, babesa eta ahalduntzea eguneroko praktika komunitario bihurtzen ditu. Gaur egungo erronkei erantzuteaz gain, etorkizuneko Orio irudikatzeko.

Finala, apirilaren 21ean

Sariaren banaketa ekitaldia apirilaren 21ean egingo dira, Bruselan. Egun horretan emango dira ezagutzera kategoria bakoitzeko urrezko, zilarrezko eta brontzezko sariak. Orio Europako finalisten artean egoteak, nolanahi ere, nazioarteko aitortza garrantzitsua dakar, herrian azken urteotan berdintasunaren, zaintzaren, aniztasunaren eta inklusioaren alde egindako lanaren emaitza.