Oparoa izango da ekaina amaierara arteko agenda

Azken asteotan, Balearen Egunaren bueltako kultur programaz gozatzeko aukera izan da herrian. Orain, udaberriko azken egunetako programa aurkeztu du Orioko Udalak. Ohi bezala, egitaraua herriko eragileekin elkarlanean osatu da, eta askotariko proposamenak biltzen ditu. 

Maiatza bukatu aurretik, Ganbara Sormen Tailerrak antolatutako maskara tailerra egingo da gaur, hilaren 29an; bihar, Emakumeon* Surf Topaketa izango da Antilla hondartzan, Orio Surf Elkarteak eta Saregile Orioko Emakumeon* Elkarteak antolatuta, eta Kukuarri Egunarekin itxiko da asteburua, igandean.

Ekaineko lehen asteburuan, Hondartza Eskubaloia jokatuko da, Orio Eragin Eskubaloia elkarteak antolatuta, eta hilaren 11n, Saregilek ikasturte amaierako festa ospatuko du: 17:00etan, gure inguruko sendabelarrak ezagutzeko ibilaldia egingo dute, eta ondoren, DJ Siwanabaren saioaz gozatzeko aukera egongo da Pilliku plazan.

Kulturak ere tarte berezia izango du datozen asteetan. Ekainaren 11n, Ganbara Sormen Tailerraren erakusketa bizia egingo da Salatxo aretoan; ekainaren 12an, Ekiza musikariaren kontzertua izango da Zimitorioan, 20:00etan; eta ekainaren 15etik 19ra, Danbolin Musika eta Dantza Eskolako ikasleen entzunaldiak egingo dira kultur etxean.

Ekainaren 20an eta 21ean, halaber, Anibarko Portuko festak ospatuko dituzte, Garmendiazpi auzo elkarteak antolatuta, eta hilaren 23an, urtero legez, sorgin-gaueko emanaldia antolatuko du Harribil Dantza Taldeak, Arranpla ondoko zabalgunean. Hilabete bukaeran iritsiko dira San Pedro festak, ekainaren 26tik 30era, eta programaren berri aurrerago emango du Udalak.

Xehetasun gehiago, Orioko Udalaren webguneko agenda atalean.