San Pedro festen inguruko informazio praktikoa

Gaur 20:00etan lehertuko da festa Herriko Plazan, baina horren aurretik, Udalak gogora ekarri nahi du azken egunetan emandako informazio praktikoa, ordutegiei, trafikoari eta festa-ereduari lotuta.

Kontzertu eta musikaren ordutegiak

San Pedro festei hasiera emango dien txupinazioa gaur iluntzean, 20:00etan, botako da Herriko Plazan. 

Festa egunetan, gauetako kontzertuen ordutegia 23:00-02:00 izango da, eta larunbatetik iganderako gauean 05:00ak arte luzatuko da. Txosnek, aldiz, 06:00ak arte izango dute musika jarrita.

Barrakei dagokionez
, 11:00etatik 01:00ak arte egongo dira irekita egunero; gauerditik aurrera, musikarik gabe. Gogoratu, egunero zaratarik gabeko bi ordu izango direla barraketan, bereziki, heziketa-premia zehatzak dituzten haurren inklusioa errazteko: 11:30etik 12:30era eta 17:00etatik 18:00etara.

Trafikoa

Asteartean iragarri bezala, Herriko Plaza parea itxita egongo da autoentzat gaur 18:00etatik aurrera, asteleheneko 20:30ak arte. Hala ere, goizetan hainbat orduz zabalduko da, eta igandean, hilak 29, Txankako aldapa eta Benta bidea itxita egongo dira 10:00etatik 11:30era Donostiako Memorial Onditz triatloia dela-eta.

Informazio guztia, hemen.

Arrantzale eta Harrotasunaren Eguna

Bihar, larunbatarekin, Arrantzale eta Harrotasunaren Eguna ospatuko da, eta egun horretarako prestatu diren ‘Arrantzale eta Harro’ lelodun txapak eskuragarri daude turismo-bulegoan eta udaletxeko harreran, doan. 

Erasoen aurrean, PLANTO!

Asteazkenean herriko 40tik gora eragilek sinatutako ohar bateratua kaleratu zuen Udalak, eta mezua argia da: festetan ez da eraso matxistarik onartuko, ez da jazarpenik onartuko, eta, erasoen aurrean, planto egingo dugu. Herriko festak guztionak dira eta guztiok dugu eskubidea bakean ospatzeko, lasai, aske eta alai. Denon ardura da mezu hau zabaltzea eta, nork bere lekutik, gure aletxoa jartzea hala izan dadin. Hemen duzue mezua osorik.

Gozatu sanpedroak!