San Pedro festen programa banatu da etxez etxe

Ekainaren 26tik 30era ospatuko dira aurten San Pedro festak, eta Udalak gaur banatu du etxez etxe festatako programa jasotzen duen eskuorria. Ohi bezala, Orioko Udalak festa-batzordearekin elkarlanean osatu du egitaraua azken hilabeteotan, eta herriko eragile, elkarte eta norbanako ugarik hartu dute parte programaren prestaketan.

Txupinazoa larunbatean botako bada ere, festen egitaraua ostiralean jarriko da martxan. Herritar talde baten ekimenez, San Pedro festetako danborrada egingo da egun horretan, jaiei hasiera emateko, eta entseguak martxan dira jada. Horren aurretik, 20:00etan, txosnen irekiera egingo da Pakak kolektiboaren eskutik.

Arrantzale Eguna ekainaren 27an ospatuko da, larunbatarekin, eta herriko arrantzale eta saregileei egingo zaien omenaldiaren ondotik, herri-bazkaria izango da Herriko Plazan (bazkaritarako txartelak eskuragai daude asteazkenetik turismo-bulegoan). Bide Batez erromeriak eta Burrunba elektrotxarangak girotuko dute arratsaldea, eta iluntzean, txupinazoa botako da Herriko Plazan.

Ekainaren 28a Harrotasunaren Eguna izango da, eta egun osoko programaren barruan, Kantu Salda poteo musikatua, 12:30ean hasita, eta bertso-saio elektronikoa, 18:00etatik aurrera, programatu dira.

Zuzeneko musika

Gaueko emanaldiak larunbatean, igandean eta astelehenean izango dira, eta besteak beste, Silitia, Malko, Tatta, Muzak, DJ Aitana Grandes, DJ Irune Muguruza, DJ Fifi eta Fefa, La Fulana eta DJ Siwanaba igoko dira Herriko Plazako eszenatokira.

Haur eta gazteentzako jarduerak

Haur eta gaztetxoentzako eskaintza zabala izango da aurten ere; tartean, Bizijolas haurrentzako jolasak eta haur eta gazteen pilota-partidak ekainaren 28an, eta II. San Pedro Erronka, hilaren 30ean. Txurrumuski aisialdi-taldeak antolatuko du, hain zuzen, erronka, eta egun osoko jarduera izango da. Informazio zabalagoa, Txurrumuskiren sareetan.

Kirola ere protagonista

Kirolak ere lekua izango du sanpedroetan. Ekainaren 28an, Kronoigoera bizikleta-proba egingo da 11:00etatik aurrera: haurrek Herriko Plazatik Pillikura arteko ibilbidea egingo dute, eta helduek, Herriko Plazatik San Martin ermitara artekoa. Izen-ematea, hain justu, gaur zabaldu dute.

Eta egun berean, 20:00etan, I. Goiko Karrera egingo da, Hendaia Plazatik abiatuta. Belaunaldi- arteko errelebo-lasterketa izango da, eta izen-ematea zabalik dago galdetegi honen bidez.

Azkenik, ekainaren 30ean, herri-kirolak izango dira Herriko Plazan, Joseba Ostolaza Harri Eskolaren eskutik.

Jai inklusiboagoak jomugan

Barrakei dagokionez, ekainaren 26an prezio berezia izango dute: 1,5 euro, AFADE eta Orioko Udalaren arteko hitzarmenari esker.

Horrez gain, egunero zaratarik gabeko bi ordu izango dira barraken gunean, heziketa-premia zehatzak dituzten haurren inklusioa errazteko: 11:30etik 12:30era eta 17:00etatik 18:00etara.

Ekainaren 28an, bestetik, alkoholaren eta bestelako drogen kontsumoari lotutako arriskuak prebenitzeko eta murrizteko zerbitzua eskainiko da Herriko Plazan, 23:00etatik 02:00etara. Zerbitzuaren helburua izango da informazioa eta prebentzio-aholkuak ematea, kontsumoari lotutako arriskuak murriztea eta jai-giro osasungarriagoa sustatzea, bereziki nerabe eta gazteen artean.

Eta Puntu Morea 26an, 27an eta 28an jarriko da turismo-bulegoaren parean, 20:00etatik 00:00etara. Orioko Udalak gogorarazi nahi du ez duela inolako eraso sexista, homofobo, transfobo edo arrazistarik onartuko festetan.

Programa

Ekainak 26, ostirala

  • 10:30 Jubilatuen hamaiketakoa, Zaharren Babeslekuan.
  • 14:30 3×3 futbol-txapelketa, 16 urtera artekoentzat, Mendibeltz futbol-zelaian.
  • 20:00 Txosnen irekiera, Pakak kolektiboaren eskutik, Herriko Plazan.
  • 22:30 Sanpedroetako danborrada, Herriko Plazan.

Ekainak 27, larunbata: Arrantzale eta Txupinazo Eguna

  • 11:00 Dantzari, kantari, musikari eta erraldoien kalejira, kalez kale.
  • 12:00 Sardina-jana, hiru gunetan: Herriko Plazan, Oteizaren Pietatearen azpian eta Hendaia Plazan.
  • 13:30 Ikuskizuna eta omenaldia saregileei eta arrantzaleei, Herriko Plazan.
  • 14:30 Arrantzale Eguneko bazkaria, Herriko Plazan.
  • 17:00 Kontzertua: Bide Batez erromeria, Herriko Plazan.
  • 19:00 Burrunba elektrotxaranga, Hendaia Plazan.
  • 20:00 Txupinazoa, Herriko Plazan.
  • 20:20 Kontzertua: Bide Batez erromeria, Hendaia Plazan.
  • 23:00-04:00 Gaueko emanaldiak: Silitia taldea, DJ Aitana Grandes eta DJ Irune Muguruza, Herriko Plazan.

Ekainak 28, igandea: Harrotasunaren Eguna

  • 10:00 Bizijolas haurrentzako jolasak, 2-10 urtekoentzat, Muntoko berdegunean.
  • 11:00 Bizikleta-igoera. Haurrak: Herriko Plazatik Pillikura. Helduak: Herriko Plazatik San Martin ermitara.
  • 12:30 Kantu Salda poteo musikatua, kalez kale.
  • 17:00 Haur eta gazteen pilota-partidak, Zaragueta Herri Eskolan.
  • 18:00 Bertso-saio elektronikoa, Herriko Plazan.
  • 18:30 Erraldoi eta buruhandien kalejira herriko txarangarekin, kalez kale.
  • 20:00 Goiko Karrera, Hendaia Plazan.
  • 23:00-05:00 Gaueko emanaldiak: Malko taldea, Tatta, DJ Fifi eta Fefa eta La Fulana, Herriko Plazan.

Ekainak 29, astelehena: San Pedro Eguna

  • 06:00 Gaupaseroen argazkia, Oa kaleko eskaileretan.
  • 11:00 Pintxo-lehiaketa, Herriko Plazan.
  • 12:30 Meza Nagusia, Salatxo abesbatzak kantatuta, elizan.
  • 18:00 Erraldoi eta buruhandien kalejira, Danbolin Musika eta Dantza Eskolako trikitilariekin, kalez kale.
  • 19:00 Soka-dantza, eta jarraian, Danbolin Musika eta Dantza Eskolako bandaren emanaldia, Herriko Plazan.
  • 23:00-02:00 Gaueko emanaldiak: Muzak taldea eta DJ Siwanaba, Herriko Plazan.

Ekainak 30, asteartea: San Pedro Bigarrena

  • Egun osoan: II. San Pedro Erronka: talde-jolasak eta bazkaria, 10-14 urtekoentzat, herrian barrena.
  • 14:00 70 urtetik gorako oriotarren bazkaria, Villa Antilla hotelean.
  • 18:00 Herri-kirolak, Joseba Ostolaza Harri Eskolaren eskutik, Herriko Plazan.
  • 18:00 Erraldoi eta buruhandien kalejira herriko txarangarekin, kalez kale.